Euskalkultura.com
EUSKAL DIASPORA ETA KULTURA (BETA)
2012/11/15
Iragan ostegunean, azaroaren 6ean, Liman Arantzazuko Amaren
Anaidiaren sorreraren IV. Mendeurrena ospatu zen. Peruko euskaltzale talde
batek 2012an berreskuratu du azken urteetan ahantzita izan zen elkarte
historikoa eta berriz ere jarri du abian. Elkartearen sorreraren laurehungarren
urtebetetzea kari, Anaidiak nazioarteko mintegi bat egin du Liman eta artxibo
eta dokumentu historikoak berreskuratzeko egiten ari den lana ezagutarazi du.
Lan horren parte da fondoen digitalizazioa eta hainbat dokumenturen
berrargitalpena, adibidez elkartearen estatutuak eta Limako Arantzazuko Amari
errezatzen zitzaion bederatziurrena euskaraz.
Lima, Peru. Limako Arantzazuko Amaren
Anaidiak bere sorreraren 400 urteak ospatu zituen iragan azaroaren 6ean, Peruko
hiriburuan egin zen nazioarteko mintegi batekin. Ekitaldien barruan,
elkartearen artxibo historikoei buruzko liburua aurkeztu zen.
Ekitaldion antolatzailea Anaidia
birsortu eta berriz ere abian jarri duen euskal perutar historialari eta aditu
taldea izan da. Egitasmoan lagundu dute, besteak beste, Limako San Martin de
Porres Unibertsitateak, Riva Agüero Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak,
Oiga aldizkariko "Editorial Periodística Oiga" fondoak eta Txileko
Santiagoko Eusko Etxeak (Gernikako Arbolaren kimu bat emanez).
Lehen pausoa
Laugarren mendeurreneko ekitaldien
artean euskaldunek Perun izan duten presentziari buruzko nazioarteko mintegia
egin zen Liman. Horrez gain, Anaidia bere artxibo historikoak berreskuratzen
eta gordetzen egiten ari den lanaren berri eman zen, eta lan horren emaitzekin
argitaratuko den liburuaren nondik-norakoak azaldu ziren. Liburuaren
koordinatzailea Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Oscar Alvarez Gila
historialaria da.
Egitasmoaren sustatzaile eta Anaidia
berpiztearen eta berriz legeztatzearen arduradunetakoa den Jhon Bazan
Aguilar-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, hau "lehenengo pauso bat
baino ez da gure arbasoek Liman utzi ziguten ondarean berreskuratzeko
bidean".
Iturriak sakabanatuta
"Gure lehenengo pausoa
dokumentazio iturriak finkatzea izan zen. Sakabanatuta zeuden, elkarrekin
harremanik gabe. Urteetako lanaren buruan iturri hauetara heltzea lortu genuen,
Kofradiako kideen ondorengoen familia ezagunen laguntzari esker. Ondoren, hainbat
bilduma pribatuetako artxiboak eskuratu ahal izan genituen, eta horrela
digitalizatzen joan garen materiala osatu ahal izan dugu", azaldu dio
Bazanek EuskalKultura.com-i.
Ikerketa horretan azaldu den beste
datuetako batek, Kofradiaren azken mende honi buruzko funtzioamendua ere
ikutzen du, dokumentuak agertu baitira elkartea 1899an eta 1911ean bizirik zegoela frogatzen dutenak, aurretik
XIX. mendeko bigarren erdian desagertu zela pentsatzen baitzen.
Artxiboak gordetzen dituzten
erakundeak honakoak dira: Sociedad de Beneficencia de Lima Metropolitana,
Limako San Frantziskoren Komentua, Ocopako San Frantziskoren Komentua, Limako
Artzapezpikutegia, Peruko Artxibategi Nazionala eta Peruko Liburutegi
Nazionala.
Lursaila berreskuratu
Artxiboen ikerkuntza prozesuak
hainbat ezusteko ekarri zituen, horien artean "1865a arte elkartearena
izan zen 1.632 hektareako lursail bat berreskuratzea. Hori gertakari historikoa
izan da Liman, eta gure ustez Euskadirentzako ere", adierazi du Bazanek.
Anaidiaren hurrengo pausoa Limako
erdigune historikoan elkartearena izan zen lokal bat erostea da, bertan
Kofradiaren artxibo historiko digitalizatua gordetzeko eta mundu osoko
ikerlarientzat eskuragarri jartzeko.
Laugarren Mendeurreneko ekitaldiak
amaitzeko, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuen Anaidiak Limako San Martin
de Porres Unibertsitatean. Txileko Santiagoko Euzko Etxeak eman zuen dohaintzan
kimua, eta Anaidiko iturriek elkartearen birsortzearen ikur bezala hartu dute.
Ekitaldian kofradiako kideak, historialariak eta hiriko hainbat agintari izan
ziren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario