Urkullu lehendakaria New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko
ekitaldietan partaide izango da urrian
2013/07/29
Iñigo Urkullu Estatu Batuetara joango da urrian, Europar
Batasunetik kanpo lehendakari gisa egiten duen lehenengo bidaia ofizialean. Lehendakariak
New York, Washington DC eta Milwaukee hiriak bisitatuko ditu urriaren 8tik 13ra
bitartean, azken xehetasunak finkatzeke, eta, Diasporari dagokionez, New
Yorkeko Eusko Etxea-ren mendeurreneko ekitaldietan hartuko du parte eta Estatu
Batuetako euskal komunitateko ordezkariekin bilduko da Etxeorratzen Hirian zein
Washington hiriburuan.
Vitoria-Gasteiz/New York. Azken hilabeteotan Estatu Batuetan
ofizialtsua zena ofizialki baitetsi du Eusko Jaurlaritzak eta ohar batean
adierazi du Iñigo Urkullu lehendakaria Estatu Batuetara bidaiatuko dela
datorren urrian, besteak beste New Yorkeko Eusko Etxearen mendeurreneko
ekitaldietan parte hartzera, orohar helburu politiko, ekonomiko eta kulturalak
dituen astebete eskaseko joan-etorrian.
![]() |
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu |
Lehendakariak New York, Washington hiriburua eta Milwaukee
hiria, Wisconsin estatuan, bisitatuko ditu, Kanpo Harremanetarako idazkaritza
nagusiko arduradunez gain Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun
sailburua ere --bere arloko ordezkaritza
zabalago baten buru-- bilduko duen bidaian.
NABO eta Estatu Batuetako euskal etxeetako ordezkariekin
ezezik, Urkullu hainbat agintari politikorekin bilduko da: kongresistekin,
senatariekin, alkate eta gobernadoreekin, eragile ekonomikoekin, Estatu
Batuetan ezarritako euskal enpresen ordezkariekin; Nazio Batuen Erakundearen
nazioarteko eragile eta kideekin; eta Columbiako Unibertsitateko kideekin,
Jaurlaritzaren oharrak zabaldu duenez.
Euskal diasporaren alorrean, New Yorkeko Eusko Etxea-ko
mendeurreneko ekitaldietan hartuko du parte Manhattan eta Brooklyn-en, eta
Washington hirian ere bertako euskal etxeko kideak agurtuko ditu. Ofizialki
1913ko urriaren 12an sortua, ofizialki "Eusko Etxea of New York"
izena duen erakundea Estatu Batuetako euskal etxe zaharrena da, XIX. mende
erdialdetik hona bestelako euskal instituzioak egon izan badira ere Estatu
Batuetan euskaldunek euskaldunentzat sortuak.
Euskalkultura
No hay comentarios:
Publicar un comentario