Elkoko euskal kabalkada edo desfilea. Irudian, San
Frantziskoko Klika Elkoko kale nagusian joan den larunbatean kabalkadako
partaide (argazkia EuskalKultura.com)
|
2013/07/10
Poliki gauzatu dira joan den astean Elkoko euskal festak.
Urte berezia zen Elkoko euskaldunentzat, bertako euskal festak, Elkoko 'Basque
National Festival' delakoak, bere 50. edizioa betetzen baitzuen. Kari
horretara, NABOren urteroko 'Convention' edo Biltzar Nagusia egin da joan den
ostiralean Elkon; eta Ipar Amerika eta Asia-Australiako euskal etxeen
Mundu-Batzarren arteko bilkura ere deitua zegoen ostegunerako, nahiz eta
azkenean soilik Kanada eta Estatu Batuetako ordezkariek baieztatu zuten
partaidetza. Programa behar bezala bete da, eta Estatu Batuetako bazterretatik
bildutako jendeek ongi ospatu dute euren euskaltasuna.
Elko, NV, Estatu Batuak. AEBko (Ameriketako Estatu Batuetako)
euskaldunek 2013ko festa handia --NABO Jaialdi edo Festa-- egin dute joan den
asteburuan. Aurten, iaz bezala, Nevadako Elkon izan da, Elkoko euskal festak
--"Elko Basque National Festival" delakoak-- euren 50. edizioa
betetzen baitzuen. Ez da marka txarra Elko hiriarentzat, mende erdi jarraian
izatea AEB Mendebalde osoko euskaldunen biltoki
Nevada iparraldean. "Elko Jaietan, 50 urte" (sic, euskaraz),
izen hau hartu du mende erdiko urteurren honek, ingelesez "Celebrating 50
years of Basque tradition" (Euskal tradizioen 50 urte ospatzen)
azpititulua ezarrita.
Arras ongi joan da guztia, jende andana polita bildurik: hasi
aurretik, ostegunean, euskal etxeen nazioarteko bilkura egin zen, Eusko
Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria, Asier
Vallejo, hor zela. Ostiralean, goizeko zortzietatik aurrera, NABOko Biltzar
Nagusi edo ‘Convention’ delakoa egin zen, federazioko lehendakaria den San
Frantziskoko Valerie Arrechea buru. Horra bildu zen, NABOko zuzendari eta
delegatuekin batera, Euskadiren AEB eta Kanadarako ordezkari berria, Ander
Caballero Barturen. Caballero eta Vallejorekin batera, Jaurlaritzatik bertaratu
ziren baita ere Andoni Martin eta Benan Oregi teknikariak, eta Euskadiren
Boiseko Bulegoko Miren Perez Egireun.
Eta ostiral arratsaldez hasi zen ofizialki festak, urtero
uztailaren 4arekin --’4th of July’, AEBetako Independentzia Eguna-- uztarturik
egiten direnak, euskaldunak, hemen, fierki euskaldun sentitzearekin batera,
amerikanotu eta fierki amerikano sentitzen baitira eta hala erakutsi nahi
baitute, ikurriña eta barra eta izardun bandera txanpon bereko bi alde izanik:
Basque-American.
Azken honen adierazgarri, larunbatean egin zen kabalkada edo
desfilean, Pete Goicoechea Nevadako senatariak ere hartu zuen parte, Alderdi
Errepublikanoko iragarki handi bat zeraman ‘float’ edo karroza batekin, bere
hautu politikoaren propaganda eginez, amerikar estiloan. Audioan,
bozgorailuetatik, musika abertzale amerikanoa entzuten zen, eta mezu politiko
grabatua ingelesez... eta euskaraz (Anita Anacabe Franzoia elkotarraren
ahotsean). Horra hor, Euskal Herritik ia hamar mila kilometrotara, Diasporako
euskaldunak Euskal Herriko hainbat euskaldunei etsenplua ematen, euskaraz eta
euskararekiko errespetuz.
Bestela, pilota partidak, herriko udal parkeko pilotalekuan;
eta arrakastatsua baita ere, zerriki lehiaketa, Utah-ko Euskal Etxekoek
egindako tripota edo odolkia irabazle. Larunbat arratsaldez, festa
‘Fairgrounds’etara pasatu zen, dantza taldeekin eta euskal-amerikar
kirolariekin. Dantza taldeen artean hor ziren Elkoko Arinak, Utah-ko
Triskalariak, Renoko Zazpiak Bat, Boiseko Oinkariak, Chinoko Gauden Bat, San
Frantziskoko Zazpiak Bat eta Buffaloko Zaharrer Segi. Gauez, Euskal Etxean,
‘Amuma Says No’ talde euskal-boisetarrak jo zuen.
Igandean, eguna mezarekin hasi zen Euskal Etxe kanpoaldeko
eremuan, euskaldunen eta euren iraun-nahiaren lagun den apez jatorri
irlandarreko batek emanik. Gero etorri zen piknika, Euskal Etxearen
berdeguneetan. Oso une berezia izan zen NABOko lehendakari Valerie (Etcharren)
Arrecheak NABOren ‘Bizi Emankorra’ saria eman zienean bizitza oso emankorreko
bi nevadatar euskalduneri: Elkoko Bob Goicoecheari eta Eurekako Jim
Ithurralderi.
Igande arratsaldean zehar Mendebalde osotik etorritako dantza
taldeen emanaldiak errepikatu ziren, eta pixkanaka jendea euren etxeetarako
bidea hartzen hasi zen. Lehenak, bistan da, urrutienetik etorritakoak, euretako
asko zortzi eta ordu gehiagoko bidea eginik, autobusez edo autoz. Jende andana
polita bildu zuen asteburuak, eta jendea pozik ibili zen, udal parte eta
pilotalekuan, Fairgrounds ganadu-azokalekuan, Euskal Etxean... eta baita ere
herriko euskal ostatuetan, hala nola Star hotelean, Biltokin (ikusiko euskal
ostatua izaten segitzen duen, saldua baitu duela pare bat hilabete 30 urtez
kudeatu duen Ramon Zugazaga gernikarrak), Toki Onan...
Datorren urtean, Kaliforniako Bakersfield-en izango da
NABOren Biltzar Nagusi edo 'Convention'.
Euskalkultura.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario