Larrabetzuk bere seme Atanasio Jauregi omenduko su bihar,
Peruko Amazoniako pasiotar aitzindaria
2013/09/06
Pasiotarrak Peruko Amazonian sartu zirela mendeurrena
betetzen ari garen urte honetan, Euskal Herrian, Larrabetzuko (Bizkaia) herriak
bere seme kuttunenetako bat omenduko du bihar, Atanasio Jauregi Goiri
(Larrabetzu, 1877-Yurimaguas, 1957), eskualde perutar hartara 1903an iritsitako
aitzindarietako bat, bertako prefektu apostolikoa eta lehenengo apezpikua
izango zena, bere zeregin misiolariekin batera, bestela ere bertakoak laguntzen
saiatuko zena, hala nola hezkuntza, osasuna, kultura eta gizarte mailan. Hil
zela mende erdi pasea bada ere, gaur egun Yurimaguas hiriko kale
garrantzitsuenetako batek, aireportu ondoko enparantza batek eta eskualdeko
eskola prestigiotsuenetako batek bere izena daramate, Jauregik bertan utzi zuen
marka sakonaren adierazgarri.
Larrabetzu, Bizkaia. Atanasio Jauregi Goiri monsinoreak badu
dagoeneko monumentua sorterrian, bere irudiaren azpian "Larrabetzuko
Herriak Atanasio Jauregiri eraikitako monumentu oroigarria" hitzak
grabatuta dituena, Goikolexeako elizaren aurrean, eta honen inguruan garatuko
da, hain zuzen ere, bihar egingo zaion omenaldiaren zati nagusia.
Bihar larunbaterako Larrabetzun prestatu den egitarauak
goizeko 11etan izango du hasiera, festa girotzearekin, ondoren eguerdian Migel
Irizar monsinoreak --Perun Lima ondoko Callaoko apezpikua izan da iazko urte
hasiera arte eta bertako apezpiku emeritua da egun-- meza emango du eta
ondotik, ordubatean, omenaldia egingo zaio Atanasio Jauregiri eliz aurrean
dagoen bere aldeko monumentuan.
[Gregorio Arrien-i, pasiotarra bera ere, eskertzen diogu
artikulu hau idazteko emandako datu eta testuak]
Atanasio Jauregi monsinorea
Atanasio Jauregi Larrabetzun (Bizkaia) jaio zan 1877an,
Pasiotarren Kongregazinoan profesatu, bere jaioterriko beste gazte askoren
antzera (ikus artikuluaren azkenean) eta abade egin zan 1901. urtean.
Bolada batean ikasle pasionista gazteen hezitzaile eta
zuzendari izan eta 1912. urte azkenaldera Perurako bidea hartu eban, hamabi
pasiotar misiolariren buru -sei abade eta sei anaia-, Chachapoyase-ko gotzain
Emilio Lisson-ek gonbidatuta. Euren misiolari zeregina San Martin eta Huallaga
probintzietan topatu eban, Tarapoto herria bizilekutzat hartuta. Harako bidea
luzea, gatxa eta neketsua izan zan.
Ad experimentum hitzartutako epea bete ondoren, misiolariek
ezin izan eben bertan behera itzi hainbeste neke lorrez euren gain hartutako
lantokia, eta Erromako Aulki Gorenak pasionisten nagusiak onartutako epea
luzaturik, berton geratzea erabagi eben. Honela sortu zan Marañon aldeko San
Gabriel Preladutza Amazonas Goreneko
probintzian, lurralde zabala oso, batetik besterako joan-etorriak egiteko
komunikabide bakartzat ibai haundiak zituela.
Atanasio Jauregi Prefektu Apostoliku izendatua izan zan.
Prefektura apostiko hau Bikariatu Apostoliku izatera jasoa izan zan 1936an,
Bikariatuko lehenengo gotzain Atanasio Jauregi bera izendatuta, egoitza nagusia
Amazonas Goreneko hiriburua dan Yurimaguasen.
Zuzeneko ebanjelizazioaz gainera, bere ardurapean
lehentasunezko lekua izan eben heziketak eta osasun-alorrak. Geroago,
apostolutza eta giza eta kultur esparruak hedatuz landu ziran:
-Heziketa eta kultura sustapena. Yurimaguaseko eleiz
katedralaren eta Probintziako hainbat lekutan jasotako hainbat eleiz eta
kaperaren eraikuntzarekin batera, 1937. urtean bigarren mailako
irakaskuntzarako San Gabriel ikastetxea zabaldu zan hiriburuan, aldi berean
Yurimanguas eta Lagunas-ko emakume gazteen heziketa lekaime irakasleen esku
itziz. Horrekin batera, parroki-eskola eta heziketa ikastetxeen sare zabala
sortu zan ibai haundietan erroturik egozan herri eta puntu nagusietan.
-Osasun eta gizarte arloko sustapena: Osasunaren esparruan
nabarmentzen ziran hutsune haundien aurrean eta jentearen eskabide larriei
erantzunez, misiolariak San Gabriel izeneko ospitala eregi eben; geroago
eraikin honen osagarri, Ibai bidezko Zerbitzu Zibikoa indarrean jarriz, Santa
Gema txalupa medio. Bestalde, jentearen etxebizitza egoera hobetu nahirik, eta
parroki etxeak eta bertako bokazinoentzat eraiki beharreko Seminarioa egiten
jarraitzeko asmoz, 50. hamarkadan adreilu fabrika bat sortu zan, probintzian
lehenengoa. Hurrengo hamarkadan, adreilu lantegi barri hau zerrategi bategaz
osotu zan.
Pasiotar larrabetzuarrak
Jauregi monsinorea Pasiotar Kongregazinoan profesa egin eban,
larrabetzuar askok legez, horien artean honakoak:
-Aita Casimiro Apraiz (Lucio, bere erlijio-izenean),
1911-1991
-A. Gregorio Azpuru (Manuel), 1887-1911
-A. Gabino Basaras, 1874-1935
-A. Francisco Bilbao (Gerardo), 1901-1989
-A. Víctor Bilbao, 1903-1983
-A. Román Dañobeitia (Máximo), 1902-1987
-An. Fidel Elejaga, 1885-1913
-A. Claudio Etxeandia (Juan María), 1879-1963
-An. Miguel Iturregi, 1874-1958
-Monsinore Celestino Jauregi (Atanasio), 1877-1957
-C. Antonio Loroño (Serapio), 1885-1904
-A. Juan Cruz Loroño (Eusebio), 1876-1938
-A. Serapio Loroño, 1874-1895
-An. Ignacio Meñica (Felicísimo), 1875-1942
-C. Martín Meñica (Felicísimo), 1870-1890
-A. Tiburcio Meñica, 1872-1931
-An. Toribio Olazabalaga (Mariano), 1910-1959
-An. Pio de Olea (Leonardo), 1868-1937
-C. Lorenzo Villa (Lázaro), 1922-1942
-A. Román Villa, 1903-1957
-A. Juan Bautista Zarandona (Lucas), 1890-1979
Euskalkultura.com